| 👁 Image | |
| Idazkera mota | |
|---|---|
Aldia |
1928 – egun |
| Hizkuntzak | Turkiera |
Idazkera senidetuak |
Egiptoar hieroglifikoak
|
Ondorengo idazkerak |
Azerbaijanerazko alfabetoa Krimeako tatarerazko alfabetoa Gagauzerazko alfabetoa Kalmukerazko alfabeto latinoa Tatarerazko alfabeto latinoa Turkmenerazko alfabetoa |
| Unicode | Latinaren azpimultzoa (U+0000...U+024F) |
| Artikulu honek Nazioarteko Alfabeto Fonetikoko (International Phonetic Alphabet, IPA) transkripzio fonetikoak ditu. IPA sinboloei buruzko sarrera-gidarako, ikus Laguntza:IPA. [ ] transkripzio fonetikorako erabiltzen da; / / transkripzio fonemikoa da; eta, azkenik, ⟨ ⟩ ahoskapen bereiziezin edo identiifikatu gabeetarako erabiltzen da. | |
Turkierazko alfabetoa (turkieraz: Türk alfabesi edo Türk abecesi) latinezko alfabetoa da, turkiera idazteko erabiltzen dena, 29 hizkiz osatua, eta horietako zazpi (Ç ç, Ğ ğ, I ı [puntugabeak], İ i [puntudunak], Ö ö, Ş ş eta Ü ü) latinezko jatorrizkoetatik aldatu dira, hizkuntzaren behar fonetikoak zirela kausa. Alfabeto horrek turkieraren ahoskera modernoa irudikatzen du, zehaztasun eta espezifikotasun maila handiaz. 1928an Atatürken Erreformen zati gisa aginduta, gaur egungo alfabeto ofiziala da, eta hainbat garaitan erabilitako alfabeto ezberdin batzuetan berriena.
Alfabetoa hainbat turkiar hizkuntzaren latinizazio ofizialaren eredua da: lehenago arabiar idazkeraz zein alfabeto zirilikoaz idazten ziren, hala nola azerbaijanera (1991 arte), turkmenera (1993 arte), eta berriki, kazakhera (2021 arte).[1]
Letrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hurrengo taulan turkierazko letrak aurkeztu dira, Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan dagozkien soinuekin eta euskarazko gutxi gorabeherako ahoskapenarekin.
| letra larria | letra xehea | izena | izena (IPA) | balioa | ahoskapena |
|---|---|---|---|---|---|
| A | a | a | /aː/ | /a/ | euskal a |
| B | b | be | /beː/ | /b/ | b, bi hitzean bezala, ez ibi-n bezala |
| C | c | ce | /d͡ʒeː/ | /d͡ʒ/ | ingelesezko j (Joe), frantses dg (Cambodge) |
| Ç | ç | çe | /t͡ʃeː/ | /t͡ʃ/ | tx, etxe hitzean bezala |
| D | d | de | /deː/ | /d/ | d, da hitzean bezala, ez uda-n bezala |
| E | e | e | /eː/ | [e] [a] | euskal e |
| F | f | fe | /feː/ | /f/ | euskal f |
| G | g | ge | /ɟeː/ | /ɡ/, /ɟ/ [b] | g, gu hitzean bezala, ez dugu-n bezala |
| Ğ | ğ | yumuşak ge | /jumuˈʃak ɟeː/ | [ː], [.], [j] (/ɰ/) [c] | bokalartekoa beti: bokal arteko euskal g oso leuna dirudi, dugu aditzean bezala (ikus c oharra) |
| H | h | he, ha, haş [d] | /heː/, /haː/ | /h/ | zubererazko h bezala |
| I | ı | ı | /ɯː/ | /ɯ/ | Atzeko bokal itxi biribildugabea, koreerazko 강릉 (/kaŋ.nɯŋ/ Gangneung, Hego Koreako hiri bat). Ingelesezko ballot (/ˈbæl.ət/) antzekoa da turkierazko hiztunen belarrietarako |
| İ | i | i | /iː/ | /i/ | euskal i |
| J [e] | j [e] | je | /ʒeː/ | /ʒ/ | frantses j (jeu); ingeles s (measure) |
| K | k | ke, ka [d] | /ceː/, /kaː/ | /c/, /k/ [b] | tt edo k euskaraz |
| L | l | le | /leː/ | /ɫ/, /l/ [b] | katalanezko l "iluna" (normal), edo euskarazkoa |
| M | m | me | /meː/ | /m/ | euskal m |
| N | n | ne | /neː/ | /n/ | euskal n |
| O | o | o | /oː/ | /o/ | euskal o |
| Ö | ö | ö | /œː/ | /œ/ | aurrealdeko bokal ireki biribildua (frantses jeune /ʒœn/) edo ingeles nurse /nɜːs/, ezpainak biribilduta |
| P | p | pe | /peː/ | /p/ | euskal p |
| R | r | re | /ɾeː/ | /ɾ/ | euskal r (ere), ez rr (erre) |
| S | s | se | /seː/ | /s/ | euskal z (Lapurdin) |
| Ş | ş | şe | /ʃeː/ | /ʃ/ | euskal x |
| T | t | te | /teː/ | /t/ | euskal t |
| U | u | u | /uː/ | /u/ | euskal u |
| Ü | ü | ü | /yː/ | /y/ | zubererazko ü |
| V | v | ve | /veː/ | /v/ | ingeles edo frantses v |
| Y | y | ye | /jeː/ | /j/ | euskal y (yate) |
| Z | z | ze | /zeː/ | /z/ | zubererazko bokal arteko s (deusik) |
| Q [f] | q | ku, kü[f] | /cuː/, /cyː/ | — | — |
| W [f] | w | çift ve, double u [f] | /t͡ʃift veː/ | — | — |
| X [f] | x | iks [f] | /iks/[b] | — | — |
a /e/ [ɛ]~[æ] kodaren aurretik /m, n, l, r/ gisa gauzatzen da. Adibidez gelmek [ɟɛlˈmec], "etor".
b a b c d Turkierazko jatorrizko hitzetan, /k, ɡ/ kontsonante belarrak [c, ɟ] bihurtzen dira /e, i, œ, y/ aurreko bokalen ondoan daudenean. Era berean, /l/ kontsonantea [l] garbi edo arin gauzatzen da aurreko bokalen ondoan (azken hitza barne), eta [ɫ] belarizatu gisa /a, ɯ, o, u/ erdiko eta atzeko bokalen ondoan. Txandakatzeok ez dira ortografiaz adierazten: ⟨k⟩, ⟨g⟩ eta ⟨l⟩ letra berak erabiltzen dira bi ahoskeretarako. Atzerriko hizkuntzetatiko maileguetan eta izen nagusietan, ordea, /k, ɡ, l/-ren gauzatze desberdinok kontrastea egiten dute. Bereziki, [c, ɟ] eta [l] garbia batzuetan [a] eta [u] bokalekin batera ageri dira. Ahoskera hori bokalaren gainean azentu zirkunflexu bat gehituz adieraz daiteke: adibidez. gâvur ("infidel"), mahkûm ("kondenatu"), lâzım ("beharrezko"), nahiz eta diakritiko horren erabilera gero eta arkaikoagoa izan.
c (1) Silabaren hasieran: isila da, silaba-haustura adierazten du. Hau da, Erdoğan [ˈɛɾ.do.an] (euskarazko baliokidea gutxi gorabehera W da, hau da, "Erdowan") eta değil [ˈde.il] (euskarazko gutxi gorabeherako baliokidea Y da, hau da, "deyil"). (2) Silabaren bukaeran, /e/-ren ondoren: [j]. Adibidez, eğri [ej.ˈɾi]. (3) Bestela: aurreko bokalaren luzapena. Adibidez, bağ [ˈbaː], "lotura". (4) [ɰ] ahoskeraren agerpen dialektala ere ezohikoa da, ekialdeko eta Ankarako beheko dialektoetan.
d a b Batzuetan, H h letrei haş nahiz ha esaten zaie, eta K k letrei, ka, batez ere akronimoetan, hala nola CHP, KKTC eta TSK, eta baita formula kimikoetan ere, H2O bezala. Hala ere, Turkiera elkartea erabilera horien aurka dago.
e a b J j letrek /ʒ/ soinua adierazten dute (maileguetan soilik ageri da, adibidez, frantsesetiko plage ("hondartza") > plaj).
f a b c d e ISO (Estandarizaziorako Nazioarteko Erakundea; ingelesez, International Organization for Standardization) oinarrizko latindar alfabetoko Q q, W w eta X x letrak ez dira turkierazko jatorrizko hitzetan eta mailegu asimilatuetan agertzen, eta normalean ez dira turkierazko alfabetoko letratzat hartzen (haien ordezkoak K k, V v eta KS Ks ks dira). Hala ere, gero eta gehiago erabiltzen dira mailegu berriagoetan eta haien eratorrietan, hala nola tweetlemek ("twit bat idatzi", "(gizarte sare hartan) txiokatu") eta Washington bezalako izen nagusietan. Q q eta X x letretarako turkierazko izenak onartu dira, eta W w letrari normalean ingelesezko double u nahiz frantsesezko double vé izenez edo, gutxitan, azken horren turkierazko kalkoaz, çift ve ("ve bikoitza") esaten zaio, Turkiera elkartearen gomendioaz.
29 letretatik, zortzi bokalak dira (A a, E e, I ı, İ i, O o, Ö ö, U u, Ü ü) eta beste 21ak, kontsonanteak.
Turkieraz, İ i puntudunak eta I ı puntugabeak hizki ezberdinak dira: beraz, < i > puntudun xeheari < İ > puntudun larria dagokio eta < ı > puntugabe xeheari, < I > puntugabe larria: gure alfabetoan, "gurutzatuta daude", I larria puntugabea baita, baina haren i xehea, aldiz, puntuduna.
Era berean, turkieraz  â eta Û û atzeko bokalen gainean zirkunflexua jartzen da, K k, G g edo L l kontsonanteei badarraizkie, kontsonante horiek /c/, /ɟ/ eta /l/ irudikatzen dutenean, /k/, /g/ eta /ɫ/ izan beharrean:
- Â â bokalaren gainean, /a:/ agertzeko edota â-ren aurretik doan kontsonantea sabaikaria dela adierazteko; adibidez, kâr /caɾ/ hitzak "etekin" esan nahi du, eta kar /kaɾ/ hitzak, berriz, "elur".
- Î î bokalaren gainean /i:/ agertzeko (ez dago sabaikaritzerik, baina bokalari ahoskera luzatzen dio).
- Û û bokalaren gainean, /u:/ agertzeko edota sabaikaritzea adierazteko.
Luzera bereiziz gero, letra horiek otomandar turkiar garaiko arabieratiko eta persieratiko mailegu zaharretarako erabiltzen dira, haietako gehienak bazter egin diren arren. Jatorrizko turkierazko hitzek ez dute bokal luzeraren bereizketarik. Horrez gain, /c/, /ɟ/, eta /l/-ren konbinazioak /a/ eta /u/-rekin ere batez ere maileguetan gertatzen dira, baina turkierazko jatorrizko hitz konposatuetan ere gerta daitezke, Dilâçar izenean bezala (dil + açar-retik).
Turkierazko ortografia oso erregularra da eta hitz baten ahoskera bere ortografiaren bidez identifikatu ohi da.
Berezitasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]İ i puntuduna eta I ı punturik gabea bi letra dira eta bakoitzak bere letra larria eta xehea du: I bokal puntugabearen letra xehea ı da, eta İ puntudunaren xehea, gure i bera. Alfabetoa ezarri zuen jatorrizko legean, İ i puntuduna I ı puntugabearen aurretik zetorren; orain, haien lekuak alderantzikatu egiten dira. J letrak, ordea, euskaraz bezala idzten da: j xeheak puntua du, baina J larriak, ez.[2]
Hautazko azentu zirkunflexuak â, î eta û bokalekin erabil daitezke esanahi desberdineko homografoak argitzeko edo aurreko kontsonante baten palatalizazioa adierazteko (adibidez, kar /kaɾ/ hitzak "elur" esan nahi du, baina kâr /caɾ/ hitzak, "etekin"), edo maileguzko hitzetako bokal luzeak, bereziki arabieratikoak.
Softwarearen kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Softwarearen garapenean, turkierazko alfabeto logika berezia behar duelako ezaguna da, batez ere i bokalaren barietateengatik eta haren forma larri eta xeheengatik (I, ı, İ, i, Î eta î, alegia). Turkierazko I arazoa esan izan zaio horri.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasierako erreforma-proposamenak eta bestelako idazkerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagutzen den alfabeto turkikorik zaharrena Orkhon alfabetoa da, alfabeto turkiko zaharra izenaz ere ezaguna: guregana iritsi den froga zaharrena VII. mendekoa da. Oro har, turkiar hizkuntzak hainbat alfabetoz idatzi dira, hala nola uigurrera, zirilikoa, arabiarra, grekoa, latina eta beste asiar idazkera sistema batzuetan.
Otomandar turkiera arabierazko idazkeraren forma turkiarra erabiliz idatzi zen mila urtez baino gehiagoz. Ez zen oso egokia, arabierazko eta persierazko hiztegi handia zuten lanak idazteko, haien ortografia, neurri handi batean, ez baitzen fonetikoa eta, beraz, buruz ikasi behar izaten baitzen. Horrek oztopo handia sortu zuen, turkieraren bertsio oso formal eta prestigiotsuak bakarrik baitziren munta nagusikoak arabieraz eta persierazko hiztegian. Ikasleek arabieratiko eta persieratiko zenbait hitzen ortografiak aurreikusteko arazoak izateaz gain, egunerokoan hitz horietako batzuk hain gutxitan erabiltzen ziren, ezen haien ortografiak ez baitziren ikasleen talde-kontzientzian jasota geratzen. Hala ere, askoz hobeto egokitzen zitzaion turkierazko hiztegiaren zatiari. Otomandar turkiera inoiz ez zen formalki lege-dekretu baten bidez arautu, baina turkiar jatorriko hitzek, neurri handi batean, de facto, arau ortografiko sistematikoak zeuzkaten, eta horrek irakurtzeko eta idazteko erraztu egiten zituen. Inoiz turkierazko hitz batek ortografia irregularra baldin bazeukan, buruz ikasi beharrekoa, askotan forma dialektal edo azalpen fonetiko historikoa egoten zen, ekialdeko dialektoen, azerbaijaneraren eta turkmeneraren hizkerari erreparatuz balioztatzen zena. Arabiera kontsonanteetan aberatsa da, baina bokaletan, pobrea; aldiz, turkieraz kontrakoa da. Bada, idazkera desegokia zen zenbait bokal turkiar bereizteko (egun, Ü ü, Ö ö, O o, E e eta I ı bokalez irudikatuak) eta irakurleak testuinguruan oinarritu behar zuen zenbait hitz desberdintzeko. XIX. mendean telegrafoaren sarrerak arabiar idazkeraren ahulezia gehiago azaldu zituen, nahiz eta hori, neurri batean, inprentako eta otomandar idazmakinetako teklatuaren aurrerapenek bultzatu zuten.
Turkiar erreformista batzuek Atatürken erreformak baino askoz lehenago sustatu zuten latinezko idazkeraren onarpena. 1862an, erreformaren aurreko aldi batean, Münuf Pasha estatu-politikaria alfabetoaren erreformaren alde agertu zen. XX. mendearen hasieran, antzeko proposamenak egin zituzten Turkiar Gazteen mugimenduarekin lotutako hainbat idazlek, besteak beste, Hüseyin Cahitek, Abdullah Cevdetek eta Celâl Nuri-k.1923an, Turkiako Errepublika sortu berriaren lehen Kongresu Ekonomikoan, gaia berriro mahaigaineratu zen, eta eztabaida publiko bat piztu zen, hainbat urtez iraun zuena.
Elementu kontserbadore eta erlijiosoek arabiar idazkera baztertzearen aurka gogor egin zuten. Idazkeraren erromanizazioak Turkia mundu islamiko zabalenetik aldenduko zuela argudiatu zen, kontzeptu "atzerritar" (alegia, europar) bat nortasun nazionalaren komunitate sakratu tradizionala ordezkatzekoa zelako. Beste batzuk arrazoi praktikoengatik erromanizazioaren aurka agertu ziren; garai hartan ez baitzegoen turkierazko fonemetarako erabil zitekeen latinezko idazkeraren egokitzapen egokirik. Batzuek iradoki zuten alternatiba hobea idazkera arabiarra aldatzea izan zitekeela, karaktere osagarriak sartuz, turkierazko bokalak hobeto irudikatzeko. 1926an, ordea, Sobietar Batasuneko turkiar errepublikek latinezko idazkera hartu zutenean, horrek Turkiako erreformatzaileei bultzada handia eman zien.
Turkieraz hitz egiten zuten armeniarrek mesrobiar idazkera erabili zuten mendeetan zehar, Biblia eta beste liburu batzuk turkieraz idazteko. Karamanli turkiera, era berean, alfabeto grekoaren forma batez idatzi zen.
Atatürkek berak aspalditik zuen uste bat turkiar alfabetoa latinizatu egin behar zela. Ruşen Eşref-i esan zion ideia horrekin kezkatuta egon zela Sirian izan zen bitartean (1905-1907), eta geroago frantsesaren araberako turkieraren idazkera latinizatu bat erabiliko zuela bere korrespondentzia pribatuan, baita Halide Edipi 1922an alfabeto berri baterako bere ikuspegia aitortu ere. Turkieraren hastapenetako latinizazioa Gyula Németh-ek egin zuen 1917an argitaratutako Türkische Grammatik ("Turkierazko gramatika") lanean, egungo idazkerarekin parekatuta alde esanguratsuak zituena (adibidez, gamma grekoa erabiltzen zen, egungo Ğ ğ kontsonantearen ordez). Hagop Martayan hizkuntzalariak (geroago Agop Dilâçar izen-deiturak hartu zituen) horixe azaldu zion Mustafa Kemali liburua argitaratu ondoko lehen urteetan, baina Kemali ez zitzaion transkripzio hori gustatu. Martayanekin izandako harremana eta Németh-en transkripzioari begiratu izana Kemalek turkieraren bertsio sistematikoki latinizatua ikusi zuen lehen saiakera izan ziren.
Turkierazko alfabeto modernoaren sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egungo 29 letrako alfabeto turkiarra Mustafa Kemal Atatürk Turkiako Errepublikaren sortzailearen ekimen pertsonal gisa ezarri zen. Funtsezko urratsa izan zen Atatürken erreformen alde kulturalean, bere boterea sendotu ondoren sartua. Bere Alderdi Errepublikano Popularrak gobernatutako alderdi bakarreko estatua finkatu ondoren, Atatürkek alfabetoaren erreforma erradikala ezartzeko aurreko oposizioa alde batera utzi ahal izan zuen. 1928ko uztailean bere planak iragarri zituen eta Hizkuntza batzordea (Dil Encümeni) eratu zuen, kide hauek osatua:[2]
- Ragıp Hulusi Özden
- İbrahim Grantay
- Ahmet Cevat Emre
- Mehmet Emin Erişirgil
- İhsan Sungu
- Avni Başman
- Falih Rıfkı Atay
- Ruşen Eşref Ünaydın
- Yakup Kadri Karaosmanoğlu
Batzordea arduratu zen latinezko idazkera egokitzeaz, turkieraren eskakizun fonetikoak men egiteko. Horrexen ondoriozko latindar alfabetoa turkiera mintzatuaren benetako soinuak islatzeko diseinatu zen, otomandar idazkera zaharra forma berri batera transkribatu beharrean.
Atatürkek bere burua engaiatu zuen batzordearekin, eta "alfabetoaren mobilizazioa" aldarrikatu zuen aldaketak ezagutarazteko. Herrialdean gaindi ibili zen idazteko sistema berria azaltzeko eta alfabeto berriaren onarpen azkarra bultzatzeko. Hizkuntza Batzordeak bost urteko egokitze-epea proposatu zuen; Atatürkek horri luzeegi zeritzon, eta hiru hilabetera murriztu zuen. Aldaketa Turkiako Errepublikako 1353. Lege Organikoaren bidez gauzatu zen, Turkiar alfabetoa onartu eta ezartzeko legea, 1928ko azaroaren 1ean onartua. 1928ko abenduaren 1etik aurrera, egunkariak, aldizkariak, filmetako azpitituluak, iragarkia eta errotuluak alfabeto berriaren letrekin idatzi behar ziren. 1929ko urtarrilaren 1etik aurrera, alfabeto berria erabiltzea derrigorrezkoa izan zen komunikazio publiko guztietan, baita banketxe eta erakunde politiko edo sozialen barne komunikazioetan ere. Halaber, liburuak alfabeto berriaz inprimatu behar izan ziren 1929ko urtarrilaren 1etik aurrera. Biztanleria zibilari 1929ko ekainaren 1era arte utzi zitzaion alfabeto zaharra erabiltzen erakundeekiko harremanetan.[3]
Alexandretta-ko Sanjaken (gaur egungo Hatay probintzia), garai hartan Frantziaren kontrolpean zegoena eta geroago Turkiarekin bat egin zuena, bertako turkierazko egunkariek latindar alfabetoa 1934a arte ez zuten hartu.
1934an emandako Egile Eskubideen Legeak ere babestu zituen erreformak, argitaletxe pribatuen sektorea bultzatuz eta indartuz. 1939an, Ankaran, Turkiako argitalpenen lehen kongresua antolatu zen, egile-eskubideak, inprimaketa, alfabetatze-tasa hobetzeko aurrerapenak eta argitalpen zientifikoak bezalako gaiak eztabaidatzeko: 186 diputatu bertaratu ziren.
Alderdi politikoak eta kulturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreformatzaileek aipatu bezala, lehengo arabiar idazkera ikastea askoz zailagoa zen latindar alfabeto berria baino. Alfabetatze-tasa, hain zuzen, asko handitu zen erreformaren ondoren,% 10 ingurutik% 90etik gora, baina beste faktore askok ere lagundu zuten igoera horretan, hala nola Turkieraren Elkartearen sorrerak 1932an, Hezkuntza Ministerioaren kanpainek, herrialde osoan Hezkuntza zentro publikoen irekierak, eta Atatürkek alfabetatze-kanpainetan izandako parte-hartze pertsonalak.
Halaber, Atatürkek behin aipatu zuen erreformaren esanahi sinbolikoa turkiar nazioak "bere idazkeraz eta pentsamoldeaz munduko zibilizazioaren alde dagoela erakustea" zela. İsmet İnönü Turkiako bigarren presidenteak are gehiago zehaztu zuen alfabeto latindar bat hartzearen atzean zegoen arrazoia:
Alfabetoaren erreforma ezin zaio egotzi irakurtzeko eta idazteko erraztasunari. Hori Enver Pasharen zioa zen. Gure iritziz, alfabeto erreforma baten eragin handia eta onura kultur erreformarako bidea arintzen zuela izan zen. Kultura arabiarrarekin genuen lotura ezinbestean galdu genuen.
Şerif Mardin idazle turkiarrak adierazi duenez, "Atatürkek nahitaezko alfabeto latinoa inposatu zuen, turkiarren kontzientzia nazionala sustatzeko, identitate musulman zabalago baten aurka. Gainera, derrigorrezkoa da gehitzea turkiar nazionalismoa Mendebaldeko Europako zibilizazio modernoarekin lotzea espero zuela, latindar alfabetoa besarkatu baitzuen". Alfabetoaren erreformaren izaera esplizituki nazionalista eta ideologikoa gobernuak herritarrei idazkera berria irakasteko igorritako liburuxketan ageri zen. Otomandar gobernua maiseatzea eta turkiar balio eguneratuak irakastea helburu zuten esaldi erakusgarriak sartu zituzten, hala nola: "Atatürk nazioarekin aliatu zen eta sultanak sorterritik bota zituen"; "Zergak nazioaren jabetza komunetarako gastatzen dira. Zerga ordaindu behar dugun zorra da"; "Turkiar ororen betebeharra sorterria etsaien aurka defendatzea da". Otomandar gobernarien utzikeriatik turkiar herria askatzen ari zela sustatu zen alfabetoaren erreforma: "Sultanek ez zuten publikoan pentsatzen, Ghazi komandanteak [Atatürk] nazioa etsaietatik eta esklabotzatik salbatu zuen. Eta orain, ezjakintasunaren [analfabetismoaren] aurkako kanpaina bat aldarrikatu du. Nazioa turkiar alfabeto berriaz armatu du".
Bernard Lewis historialariak alfabeto berriaren sarrera "ez hainbeste praktikoa, pedagogikoa, soziala eta kulturala baizik" dela esan du, eta Mustafa Kemal, bere herria onartzera behartzean, iraganari ate bat danbateko batez ixten ari zitzaion, baita etorkizunari ate bat irekitzen ere". Horrekin batera, turkiera arabieratiko eta persieratiko maileguetatik askatzeko ahalegin sistematikoa egin zen, askotan turkierazko hitz goiztiar berpiztuen bidez ordezkatuz. Hala ere, erreforma berak hizkuntza mendebaldetiko maileguzko hitz askotatik ere —batez ere frantses jatorrikoetatik— garbitu zuen, turkar hitzen mesedetan, maila txikiagoan bazen ere. Atatürkek bere lagun Falih Rıfkı Atay-ri —gobernuko Hizkuntza batzordean zebilen— esan zionez, erreforma aurrera eramanez, "turkiar burua arabierazko haren sustraietatik garbitu behar genuen".
Yaşar Nabi kazetari nagusiak 1960ko hamarkadan argudiatu zuen alfabetoaren erreforma ezinbestekoa izan zela Turkiarentzat mendebaldera bideratutako identitate berri bat sortzeko. Ikusi zuen turkiar gazteagoak, eskolan latinezko alfabetoa soilik jaso zutenak, eroso zeudela Mendebaldeko kultura ulertzeko, baina ez zirela gai Ekialde Hurbileko kulturarekin harremanetan jartzeko. Idazkera berria oso azkar onartu zen, eta laster lortu zuen onarpen orokorra. Hala ere, jende helduak arabierazko idazkera turkiarra erabiltzen segitu zuen eskutitz, ohar eta egunkari pribatuetan 1960ko hamarkadan ongi sartu arte.
Teklatuaren diseinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondoren, ordenagailu pertsonaletarako turkierazko teklatu-diseinu estandarrak segidan ageri dira. Lehena turkierazko F-teklatuaren izenaz ezagutzen da, 1955ean İhsan Sıtkı Yener-ren zuzendaritzapean diseinatua, turkierazko hitzetako letren maiztasunean oinarritutako antolaketa batekin. Bigarrena turkierazko Q-teklatua gisa, QWERTY teklatuaren egokitzapen bat, turkierazko sei letra gehigarri sartzeko.
Turkierazko F-teklatua
Turkierazko Q-teklatua
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez)Шаяхметова,Жанна. (2021-02-01).«Kazakhstan Presents New Latin Alphabet, Plans Gradual Transition Through 2031»The Astana Times.
- 1 2 Yazım Kılavuzu, Dil Derneği, 2002 (the writing guide of the Turkish language)
- ↑ (Turkieraz)Tūrk Harflerinin Kabul ve Tatbiki Hakkında Kanun. .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Yunus Emre Enstitusu – Online Ikaskuntza
- Alfabeto turkiarra
- Online turkiera
- Alfabeto turkiarraren ahoskera eta adibideak
- Dilek Nur Polat Ünsür (2021eko martxoak 22). "Egunkariek nola ohitu zituzten irakurleak latinezko idazkerarekin turkiar alfabetoaren erreformaren garaian", ATypI 2020 aurkezpena
